ARRAUNLARIEN PRESTAKUNTZA FISIKOA

Ezaguna da arraunketa jarduerak eta lehiaketek arraunlariari eskatzen dioten goi mailako prestakuntza fisikoa. Neguan (edo udazkenean) entrenamenduak hasi eta uda bukaerako estropadak jokatu arte, arraunlariak kirol gutxik eskatzen duten ardura izan eta lana egin beharrean egoten da.

Ariketa aerobikoa. Prestaketa fisikoari dagokionez, arraunlariak ahalmen aerobikoa, bereziki, eta anaerobikoa lantzen ditu, bihotz indartsu eta ahaltsua lortze aldera. Muskularki, zeresanik ez, behar dituen gaitasunak goi mailakoak izan behar dute, baita ere. Beroketa, luzapen ariketak eta atsedena ezin bestekoak dira arraunlariaren eguneroko jardunean.

Neguan hasita. Normalean arraunlariaren denboraldia azaro aldera hasten da, aurrekoa irailean edo urrian bukatuta, eta bien bitartean hilabeteko atsedena (aktiboa ahal bada) du. Lehenbiziko astetan entrenamendua erabat aerobikoa izaten da, oinarrizko prestakuntza lantzeko, eta ,ondoren, tarteka, saio anaerobikoei ekiten diete arraunlariek. Aurreneko fase hau, neguan, lehorrean lasterka egin ohi da batez ere, baina asteburuetan arraunean aritzen da arraunlaria, erresitentzia lantzen, baita ere. Honekin batera indarra eta erresistentzia muskalarra lantzen da gimnasioan, pisuak erabiliz.

Gazteentzako probetxugarri. Gaztetxoentzat, hamabi-hamahiru urtetatik aurrera, kirol jarduera erakargarria da arraunketa, eta baita probetxugarria ere. Gaztearen oreka zentzumena (ontziak ezegonkorrak eta txoroak baitira), koordinazioa (gorputzeko atal guztiak erabiltzen baitira arraunean), garapen kardio-muskularra (intentsitate arinean, era ludikoan egina) eta talde-lana (baten lanak besteari reagiten baitio) garatzen ditu arraunketak.

Gogoan izatekoak dira Olinpiada modernoen sortzaile Pierre de Coubertineko Baroiak arraunketaz esandako hitzak: "Inork ere ez lizuzke arraunketaren goi-mailako gaitasunak ukatuko ikuspuntu mekaniko eta higienikotik. Guztiek aldarrikatzen dute gogoz `kiroletan ederrena´dela, bai hau praktikatzeak ematen duen atseginagatik, baita bere eragin onuragarrirengatik ere. Biana kalifikazio hau sentimentala da; ez, ordea, honako hau: gaurko industria modernoaren aurrerapenei esker hobetutako ontziak erabiltzen dituen arraunlariak (...) inork imagina dezakeen gimnasiarik konpletoena praktikatzen du"


ITZULI